Zientzia-zuzendariaren gutuna

Noé Cornago (photo by Aitor Urrestarazu).

Noé Cornago. Argazkilaria: Aitor Urrestarazu.

Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkiot LSNEren Patronatuari 2018-2020 aldirako LSNEko Zientzia-Zuzendari posturako ni aukeratzeagatik. Erantzukizun handia ezezik, ohore handia ere bada, LSNEren garrantziarengatik eta nire aurretik karguan izan diren akademiko handiengatik. Guztiok lagundu dute azken hiru hamarkadotan, bakoitzak bere modura, LSNEren mundu mailako bikaintasun akademiko ospea eraikitzen. Jakina, hori guztia ezinezko izango zitekeen RCSLren ekarpen eta aholku baliotsu, LSNEko lan-talde zoragarri, eta Eusko Jaurlaritzaren eta beste instituzio publikoen etengabeko laguntzarik gabe - azken horien artean, Oñatiko Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia.

Ondo ezagutzen dut LSNE eta kolaborazio luzea izan dut harekin. Euskal Herriko Unibertsitateko Nazioarteko Zuzenide, Nazioarteko Harreman eta Zuzenbidearen Historiaren Fakultateko kide gisa, aspaldikoa dut lege soziologiaren gaineko interesa, goiz konturatu bainintzen zein emankorra izan zitekeen diziplina-arteko elkarrizketa bai hezkuntzan bai ikerkuntzan. Oñatira lehen aldiz etorri nintzenetik, orain dela bi hamarkada baino gehiago, liluratuta utzi ninduen bere singularitateak. Ezohikoa da akademiko bisitarien eta mundu osoko ikasle bikainen arteko nahasketa, LSNEn ematen dena, eta belaunaldi arteko giro intelektual pizgarria sortzen duena. LSNEren lan taldearen primerako ekarpenak ere gure txaloa eta goraipamena merezi du LSNEren arrakastari laguntzeagatik urteotan zehar. Azkenik, LSNEren egoitza ederra eta ingurune zoragarria, eta Oñati herri bizia, LSNEren erakargarritasun paregabearen elementu osagarriak dira.

Aldaketa globalak garrantzi berezia ematen ari diote lege soziologiari. Arlo horretako expertise-ak gero eta eskaera handiagoa du, gai ekonomiko, politiko eta soziokultural askotan: etxebizitza sozialen gaia, genero-biolentzia, enpresen erregulazioa, pribatutasuna babestea, migrazioa, zigor-zuzenbidea eta beste berebiziko garrantzizko gai asko. Lege pluraltasuna ez da dagoeneko iraganeko hondarra, baizik eta gaurko errealitate dinamiko eta nazioartekoa, estatuen arteko mugak, jurisdikzio formalak eta gizarteko bananketak gainditzen dituena, itxura baten elkarrengandik bananduta dauden eremuak alde batera utziz eta gizartearen ardura eta erantzuna piztuz mundu osoan.

Hala ere, egia da, arrazoi askorengatik, LSNE trantsizio une baten dagoela orain, eta horrek gu guztiongandik - LSNE eta bere lankide garrantzitsuenak, hau da, RCSL eta Eusko Jaurlaritza - eskatzen duela berritzeko ahalegin berezia. LSNEk aurrez aurre ditu erronka handiak, eta horiei ahalik eta azkarren erantzun behar zaie. Berritzeko neurri batzuk aztertuko ditugu eta, LSNEren Patronatuaren eta Lan taldearen gogoeta eta beharrezko laguntzarekin, onartu eta indarrean jarriko ditugu. Horiek gure lan-eremuen - Mintegiak, Bisitak, Masterra, Liburutegia, Argialpenak eta beste ikerkuntza-ekintza batzuk - azterketa espezifiko baten ondotik etorriko dira. Horrek guztiak eragina izango du jarduera akademikoan eta kudeaketan. EHUrekin eta Ikerbasque Fundazioarekin egin berri ditugun hitzarmenak aldaketa horren adierazleak dira, eta irrikatan gaude antzerako beste akordio asko egiteko. Baina datozen urteotan LSNEren antolaketak sendoa izaten jarraituko du baldin eta gai bagara, kontu handiz baina modu berritzailean, berebiziko garrantzia duten berritasun administratibo eta akademikoak bateratzeko. Horretarako, mundu osoan lege soziologian interesa duten akademikoen eta erakundeen laguntasuna beharko dugu. Gure ateak zabalik dituzte. LSNE lore bakan eta eder bat da eta zaindu egin behar dugu. Inoiz baino gehiago, zuen guztion laguntza behar dugu.

Noé Cornago
2018ko urria