Zuhurtzia neurrien aurkako erantzunak aztertuko dira LSNEko hurrengo mintegian

03 Eka 2019

Oñatiko LSNEren oraingo asteko mintegiak azken urteotan egunero hizpide izan den gaia aztertuko du: zuhurtzia (“austeritate”) neurriak Europan eta haien aurkako erantzuna. Mintegiak Contesting Austerity – A Socio-Legal Inquiry into Resistance to Austerity izenburua du eta Anuscheh Farahat (Erlangen-Nurenberg-eko Unibertsitatea, Alemania) eta Xabier Arzoz (EHUko irakaslea eta Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko idazkaria) dira antolatzaileak. Denetara, Espainia, Alemania, Erresuma Batua, Grezia eta Portugalgo 20 aditutik gora batzartuko dira Oñatin. Ohi bezala, mintegia eguen eta egubakoitzean izango da, ekainak 6 eta 7.

Euroguneko krisiaren ondorioz ezarri ziren zuhurtzia neurriei eman zitzaien erantzun desberdinak aztertuko dituzte adituok, eta baita erakundeen eta eragile zibilen arteko interakzioak ere. Helburua da erantzun mugimenduen xedeak, dinamikak eta moduak hobeto ulertzea. Horretarako hiru ardatz izango dituzte: soldatetan eta pentsioetan egin ziren murrizketak; lan-legedien erreformak; eta “pobrezia berria” delakoa (etxebizitza eta energia).