Oñatiko Udala beka, Hermann Vásquezentzat

20 Mar 2019

Hermann Vásquez.Hermann Vásquez da aurtengo Oñatiko Udala bekaren irabazlea; horrela erabaki du epaimahaiak. Beraz, Vásquezek jasoko ditu bekaren 4.000 euroak Oñatiri ekarpena egingo dion ikerlana egiteko.

Vásquezek proposatzen duen ikerlanaren helburua honakoa da: Oñatin bizi diren mendeko pertsona nagusien zaintzan garatzen den harreman sozial eta juridikoa aztertzea. Harreman horretan sozialki zaurgarriak diren bi taldek hartzen dute parte: alde batetik, mendekotasuna duten nagusiak; eta, bestetik, zaintza lanak egiten dituzten etxeko langileak, zeintzuek zaurgarritasun ezaugarriak dituzten, izan ere, gehienak emakumeak dira, eta ia guztiak, etorkinak.

Ohitura sozialen indarra

Ikerlanaren ikuspegi horrek herrian garrantzi handia duten bi errealitateren arteko harremana aztertzen du: alde batetik, Euskadin, erkidego mailako zein lurralde edo udalerri mailako baliabide instituzionaletatik harago egiten den nagusien zaintza; eta, bestetik, testuinguru horretan bertan etorkinen gizarteratze eta laneratze moduak. Mendekotasun Legeak (39/2006 Legea, autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzkoa), 2007ko urtarrilaren 1etik indarrean dagoenak, baldintza gisa ezartzen du onuradunek zerbitzuen eragingarritasuna eta kostua neurtzeko balio duten ebaluazioetan izena ematea eta parte hartzea. Halaber, legeak dio langileek informazioa eta formazioa jaso behar dutela, enplegu formala bultzatzeko. Beraz, mendeko pertsona edadetuak dituzten familiak eta haiek zaintzen dituzten etxeko langileak lotzen dituen kontratu-harremana legeak baldintzatuta dago, baina, era berean, jatorria arau sozialetan duten ohitura sozialek ere eragiten diote, eta interakzio horrek forma ematen dio bi aldeen kontratu-jokaerari. Zentzu horretan, kontratu-praktikaren azterketa proposatzen da, eta azterketa horrek helburutzat du kontratu-ekintza atzean dagoen arautze informal gisa errekonozitzea ohitura soziala. Jasotzen den informazioa, beraren analisia eta aterako diren ondorioak oinarri gisa har ditzakete udalerriak eta herriak, bere dibertsitate gero eta handiagoan, politika publikorako gomendioak diseinatzeko.

Hermann Vásquez Zuzenbidean lizentziaduna da Venezuelako Andrés Bello Unibertsitatean eta Lan-Zuzenbidean masterra Unibertsitate Konplutentsean; gaur egun, Oñatiko Lege-Soziologiako Nazioarteko Erakundean Lege Soziologiako masterra egiten dabil. Esperientzia handia du lan arloko abokatu lanetan, eta Venezuelako Errepublikako epailea da, eszedentzian.