Gazteei hitza emanez hasiko da Oñatiko LSNEko mintegi denboraldia

21 Mar 2024

Oñatiko LSNEko mintegi sasoia apirilaren 11n hasiko da, eta lehenengo mintegiko protagonistak gazteak izango dira. Hain zuzen ere, mintegiaren gaia da haurren eskubideak eta ingurune osasungarri baten eskubidea, eta Arartekoak gai horren inguruan antolatutako ekintza baten parte hartu zuten bi gazte, Peio Chasco eta Patricia Poderós, etorriko dira Oñatira.

Arartekoak Enya Forum 2022 izeneko nazioarteko topaketa antolatu zuen, haurren eskubideen eta klima aldaketaren inguruan hitz egiteko. Hantxe izan ziren Peio eta Patricia, eta Arartekoko bulegoko Zuria Arzua izan zen koordinatzaile orokorra; Arzua ere Oñatin izango da. Beraien parte-hartzea hilaren 11n izango da, goizean, ‘Working with the European network of ombudspersons for children on climate justice for children’ izeneko aurkezpenarekin.

ENYA (European Network of Young Advisors) parte-hartze proiektua ENOC-en baitan antolatzen da, Europako Haurren Defendatzaileen sarearen baitan.

Oñatin egingo den mintegia apirilaren 11n eta 12an izango da. Irlanda, Erresuma Batua, Espainia, Barbados, Kanada, Hego Afrika eta AEBetako ikertzaile eta adituak etorriko dira. Mintegian zehar, besteak beste, honako galderei erantzuten saiatuko dira: Zer da ingurumen osasungarri bat izateko eskubidea? Zer esan nahi du horrek umearen eskubideei dagokienez? Zelan batu ditzakegu umearen eskubideak eta ingurumen eskubideak? Norantz goaz?

Mintegiaren gaineko informazio gehiago hemen aurkituko duzue: https://www.iisj.net/en/workshops/children%E2%80%99s-rights-and-right-healthy-environment-%E2%80%93-intersections-and-opportunities

Behin betiko egitaraua hortxe ipiniko da.

Tratu berdintasunerako legea, hizpide

Aurten 17 mintegi hartuko ditu LSNEk apiriletik uztailera arte. Bertako gizarterako bereziki interesgarriak izan daitezkeen beste mintegi batzuk izango dira, hala nola etxez etxeko zaintzaren sektorea eta digitalizazioa (maiatzak 2-3), mugen inguruko ikerketa kritikoak (maiatzak 23-24), eta 15/2022 Legea, tratu berdintasunekoa eta diskriminazio ezarena (ekainak 6-7), besteak beste. Egitarauaren berri jaso dezakezue hemen: https://www.iisj.net/en/workshops/workshop-calendar/2024