Antolakuntza eta azterketa-arauak

ANTOLAKETA ETA AZTERKETA-ARAUAK

Lege-Soziologiako Nazioarteko Masterra

Honako gradua ikasturteko kredituetan, master tesian eta tesiaren defentsan oinarritzen da. Gutxienez, Nahiko gradua lortu beharko dute hautagaiek osagai bakoitzean. Normalean, hautagaiak ikasturteko kurtso guztiak gainditu beharko ditu tesia idatzi baino lehen. Salbuespeneko kasuetan, Zientzia-Zuzendariak baimena eman ahal izango dio hautagai bati tesia idatz dezan kurtsoren bat galdu edo suspenditu badu ere, baina hautagaiak galdutako kurtsoaren kredituak hurrengo urtean bete beharko ditu. Hautagai batek hurrengo urtean berriz egin ahal izango du suspenditutako osagairen bat, agintaritzak hartutako erabaki batengatik programatik kanpo geratzen ez bada. Edozein modutan, berriz osagai hori egin ahal izateko, tarifak ordaindu beharko ditu. Kurtso bateko edo gehiagoko notak Institutuak hautagaiari aitortu gabe utz ditzake, eta horrela graduatu gabe utzi, ikasleak ez baditu bere finantza-betebeharrak egin Institutuarekiko edo Euskal Herriko Unibertsitatearekiko.

Ikasgaiak:

Irakaskuntza zatia bi asteko 13 kurtsotan datza, denetara 40 ECTS kreditu. ECTS kreditu bat 25 orduko lanaren baliokide da, barne daudela gidantzak, mintegiak, irakurketak, eztabaidak eta lanak zein azterketak egiteko denbora. Irakaskuntza-unitateen ohiko ordutegia 09:00-11:00 da.

Ez etortzeak eta atzeratzeak:

Ikasleak ikastordu guztietan gelan egon behar dira, lanak egin behar dituzte eta ikasgai guztietan parte hartu behar dute. Puntualki etorri behar dira klasera, eta irakasleek zigorra ipin dezakete berandutzearengatik. Ez etortzearengatik azalpenak eman behar zaizkie irakasleari eta Zientzia-Zuzendariari; ahal bada, aurretik (adib., emailez). Irakasle batek zigortu egin dezake, adibidez Suspentso batekin, ikasleren batek ikastorduetan huts egitea edo ez parte hartzea. Ikasleek azaldu egin behar dituzte jarraitutako ez etortzeak, eta frogak aurkeztu behar dituzte (adib., medikuaren ziurtagiria). Ikasketa-unitate bakoitzari dagokion lana ikasgai hori bukatu eta hurrengo zapatuan entregatu behar da, 18:00ak baino lehen. Berandutzeak zigorra izan dezake. Arrazoi justifikaturen batengatik azaltzen ez diren edo lanak egiten ez dituzten ikasleek, irakaslearen eta Zientzia-Zuzendariaren onespenarekin, bestelako lan bat aurkezteko aukera izango dute.

Ziurtagiria:

Ikasgai batzuei dagozkien kredituak lortu baina master tesia egin ez edo, egin arren, aprobatzen ez duten ikasleek, ikasturtean zehar egin beharreko lanak egin izanaren ziurtagiria izango dute, lortu dituzten ECTSak aitortuta. Ikasgai bat edo gehiago gainditzen ez dituzten ikasleek gainditu dituztenei eta lortu dituzten ECTSei dagokien ziurtagiria eskatu ahal izango dute.

Ikasleen eta irakasleen ebaluazioa:

Ikasgai bakoitzaren amaieran, irakasleei eskatuko zaie programaren eta ikasle bakoitzaren balorazioa egin dezaten. Ikasleei eskatuko zaie irakasleen balorazioa eta programa osoarena egin dezaten, modu anonimoan. LSNEko Master Batzordeak ebaluazioak aztertuko ditu eta dagozkien hobekuntzak proposatuko ditu.

Jokaera txarrak:

Ikasgelatik kanpo zein ikasgelan gerta daitezkeen jokaera txar kasuak Zientzia-Zuzendariak kudeatzen ditu eta dagozkien zigorrak erabakitzen ditu. Oso jokaera txarren kasuan, gerta daiteke ikaslea Egoitzatik kanpo zein Master programatik kanpo geratzea.

Ikerketa etikoa:

Master tesirako ikerkuntzak ISAren Kode Etikoa bete behar du. Etikarekin zerikusia duten gaiek Tesi Proposamenean jar daitezke, eta, horren beharra ikusten bada, Master Tesiaren behin betiko bertsioan jar daitezke.

Praktika akademiko onak eta plagioa:

Entregatzen den edozein lanek praktika akademiko onen ohiko arauak bete behar ditu, bereziki iturriak aipatzeko eta erabiltzeko orduan. Iturri guztiak egoki aipatu behar dira, eta hitzez hitz hartutako esanak hala direla jakinarazi behar da. Iturriak egoki ez aipatzea plagiotzat jo daiteke. Praktika akademiko txarrak zein plagioak zigor gogorrak izan ditzakete, hala nola notak jaistea, ikasgaia ez aprobatzea edo programatik ateratzea. Praktika akademiko txarrak edo plagioa antzematen dituen edo horren susmoa duen irakasle edo aztertzaile batek Zientzia-Zuzendariari jakinarazi behar dio, eta honek beharrezkotzat jotzen dituen ikerketak egingo ditu. Lehen begiratuan halako kasu bat antzematen bada, ikasleari jakinaraziko zaio eta azalpenak emateko eskatuko zaio; ikaslea lagun batekin edo aholkulari batekin azaldu ahal izango da. Azken erabakia Zientzia-Zuzendariak hartuko du eta Aztertzaileen Batzordeari jakinaraziko zaio berau.

Master tesi mintegia:

Astero mintegi bat izango da tesia egiteko gai egokiak identifikatzen, haiek garatzen eta fintzen, ikuspegi teorikoa eta enpirikoa zein metodologia eta bibliografia-ikerkuntza egiten laguntzeko, eta ikasleek mintegira joan behar dute. Master tesi mintegia asteazken arratsaldean izaten da, eta 4 kreditu balio ditu. Ikasleek 5.000 hitzeko idazlana entregatu behar dute. Idazlan luzeago horrek aukera emango die ikerkuntza-gaia garatzeko, eta master tesira begirako prestakuntza lana izango da. Ikasle bakoitzak Zientzia-Zuzendariari aurkeztu beharko dio behin-behineko izenburua eta laburpen bat. Gero, aurkezpena egin beharko dute. Azkenik, proposamen idatzia entregatu beharko dute ikasketa-programaren amaieran. Proposamenak honakoak jaso beharko ditu: tesiaren helburua, oinarria, metodologia eta metodoak, gai etikoen eztabaida (balegokio) eta proposatutako egutegi bat. Ikaslearen gainbegiraleak ere proposamen hori jasoko du.

Master tesia:

Behin onartuta, ikaslea tesiaren inguruan gidatzeko ardura gainbegiraleari dagokio. Zientzia-Zuzendariaren laguntzarekin eta onespenarekin, ikasle bakoitzak gainbegirale egokia aukeratu beharko du; izan daiteke irakasleren bat, edo beste adituren bat. Hautatutako horrek idatziz baieztatu behar dio LSNEri gainbegiratzeko borondatea eta ahalmena. Ikerketak dirauen bitartean gainbegiralearekiko harremanetan egon behar dira ikasleak. Gainbegiraleak zirriborro kapituluak edo zatiak irakurri eta komentatu beharko ditu, adostutako egutegiaren arabera. Ikasleak erabakitzen badu gomendioren bat ez jarraitzea, gainbegiraleari zergatia azaldu beharko dio. Gainbegiraleari eta Zientzia-Zuzendariari bi txosten bidali beharko die ikasleak, bata ekain amaieran eta bestea uztail amaieran. Ikasleak gainbegiraleari tesi osoaren behin betiko zirriborroa bidali beharko dio master programaren bigarren urteko abuztuaren 30a baino lehen; gainbegiraleak bere komentarioak bidali beharko ditu aste baten barruan, eta azken zirriborroa onartu. Artikulu zientifiko baten estilo eta mamia izan beharko ditu tesiak. Gehienez ere, 15.000 hitz izan beharko ditu, orri-oinak eta bibliografia barne, baina apendizeak kanpo. Zientzia-Zuzendariak luzera handiagoa onartu ahal izango du ikasleak arrazoi justifikatuak ematen baditu; adibidez, ikaslearen herrialdean graduak izan dezakeen aitorpena; baina hitz-muga gainditzeak zigorra ekar dezake. Tesia ingelesez izan beharko da. Beste hizkuntzaren bat erabiltzea baimendu dezake Zientzia-Zuzendariak, gainbegiraketa eta azterketa hizkuntza horretan egiteko aukera egongo balitz. Tesia mekanografiatuta aurkeztu beharko da, eta erreferentzia guztiak alfabetikoki zerrendatuta aurkeztu beharko dira. Tesiaren behin betiko bertsioa LSNEri bidali beharko zaio bigarren urteko irailaren 7aren 08:30 baino lehen. Mugaeguna ez bada errespetatzen arrazoi justifikaturik gabe, eta LSNEk ondo ikusten badu, ikasleak beste mugaegun baten bidal dezake tesia, hurrengo urtean aztertu dadin. Mugaeguna betetzen ez bada, beharbada ezin izango zaio notarik ipini hurrengo urtera arte. Horren ondorioz, ikaslea berriz matrikulatu behar izango da eta tesi moduluaren kontzeptuarengatik beste ordainketa bat egin beharko dio EHUri.

Master tesiaren azterketa:

Kanpoko aztertzaile bat gonbidatzen da tesi bakoitza aztertzera. Aztertzaile batek tesi bat baino gehiago ere ebalua ditzake. Zientzia-Zuzendariak ere tesi guztiak ebaluatuko ditu, batasun bat gorde dadin. Bi fase ditu azterketa prozesuak:

  1. Aztertzaile bakoitzak tesia ebaluatzen du, komentarioak egiten ditu, eta galderak planteatzen ditu ikasleak bere defentsan aintzat har ditzan. Behin-behineko nota bat ematen da, ikasleari jakinaraziko ez zaiona. Aztertzailearen komentarioak ikasleari helaraziko dizkio LSNEk, normalean tesia bidali eta aste baten barruan.
  2. Ikasleak tesia defenda dezake. Defentsa idatziz egin ohi da, baina ahozko defentsa ere eska daiteke. Defentsak egindako galderei erantzun behar die, eta ez soilik hasierako argumentazioa berretsi. Idatzizko defentsa LSNEk jaso behar du ikasleari komentarioak bidali eta aste baten barruan. Defentsa irakurri ondoren, aztertzaileak behin betiko nota emango dio. Behin-behineko nota igotzeko aukera egongo da, baina ez da jaitsiko idatzizko defentsaren ondorioz.

Ahozko defentsa egin nahi duten ikasleek apiril hasiera baino lehen eskatu beharko dute. Horren ondoren eginez gero, ez da ziurtatzen ahozko defentsa bat antolatu ahal izango denik. Modu telematikoan egin ahal izango da ahozko defentsa. Antolaketa xehetasunak ikaslearekin banan-banan egin ahal izango dira, baina, beranduenez, irailaren 26an izango da. Tesi-aztertzaileez gain, gai jakinean adituak diren beste aztertzaile batzuek parte hartu ahal izango dute, baita gainbegiratzaileak ere.

Aztertzaileak adostutako nota bat ematen saiatuko dira; baliteke ere bi noten batez bestekoa izatea azken nota. Desadostasun handiak badaude, gainbegiratzailearen iritzia aintzat hartu ahal izango da, edo tesia hirugarren bati bidali ahal izango zaio.

Tesia ebaluatzeko honako irizpideak ezarriko dira:

  • Gaia eta ikuspuntua: Egokia al da gaia lege-soziologiaren ikuspegitik? Egokiak al dira metodologia eta ikuspuntu teorikoa?
  • Teknikak: Egokiak eta zuzenak al dira egitura eta adierazpena? Erraz irakurtzen al da tesia? Lehen eta bigarren mailako iturri nahiko eta egokiak erabili al dira? Horiek behar bezala aipatuta eta erreferentziatuta al daude? Tesiak lan enpiriko originala aurkezten badu, ondo antolatu eta aurkeztu al da berau? Mamiari dagokionez, aurkeztutako argumentuak eta analisiak sendoak eta sinesgarriak al dira? Aintzat hartzen al dute gai horren inguruan egin diren lan garrantzitsuenak, eta horien gaineko ulermen ona erakusten al dute? Proposatzen al da orain arteko lanaren kritika eraginkorrik, edo ikuspuntu alternatiborik?

LSNEren puntuaketa-eskema:

10era arteko nota bat emango da bai ikasgaientzako bai tesiarentzako. Ez dugu berdinketa-kurbarik ezartzen, baina honako notak espero dira: goreneko %10 (A), hurrengo %25 (B), hurrengo %30 (C) eta hurrengo %25a (D).

Para más información: 

Susana Arrese Murguzur

Master coordination
Avenida de la Universidad, 8
Apartado 28
20560 Oñati (Gipuzkoa) - Spain
T: +34 943 78... Ver teléfono
F: +34 943 78... Ver fax

E: susana@iisj.es
  @mastersusana