Erlijioen eta bakearen ikertzaile ospetsu David Wellman Oñatin izango da

David Wellmanen hitzaldiaren posterra.
14 Dec 2018

Erlijioen, haien arteko harremanen, diplomaziaren eta bakearen gaineko ikertzaile ospetsu David Wellman Oñatin izango da astelehenean, abenduak 17, Lege Soziologiako Nazioarteko Erakundeak gonbidatuta. Antixena jauregian hitzaldia egingo du (19:30): Building Bridges in the City of Light: Dialogue and Mutual Engagements among Jews, Christians, Muslims and Atheists. Hitzaldi irekia da; baina, horrez gain, Wellman irakasleak espainolez daki eta gustura erantzungo ditu komunikabideen galderak, bai hitzaldiaren ondoren zein propio hitzartutako elkarrizketa baten.

Hitzaldi horretan, gaur egungo Parisen dauden erlijioen, arrazen eta etnien arteko zubiak eraikitze lanak dakartzan erronken berri emango du. Horren barruan, judaismoak, kristautasunak, islamak eta ateismoak Bestea modu konstruktiboan inplikatzeko dituzten moduak azalduko ditu.

Ikertzailea eta musikaria

David Wellman-ek AEBetako DePaul University-n irakasten du, Chicagon. Doktoregoa egin zuen Union Theological Seminary-n, eta Columbia eta Lewis and Clark Collegen ikasitakoa da. Aditua da bake, justizia, erlijio eta gatazka ikasketetan, eta Societas Ethica-ko kide ere bada.

Wellman-en lanak aintzat hartzen ditu honako gaiak: erlijioaren eta diplomaziaren arteko lotura, ekologiaren etika eta erlijioen arteko harremanak eta konpromisoak. Diplomaziaren gaineko bere idatziak bi nazioarteko konferentziaren oinarri gisa erabili ziren, zeintzuen emaitza izan zen Sustainable Diplomacies izeneko liburua (Londres: Palgrave Macmillan, 2010). Lanaz aparte, musikaria ere bada.